2007/2/2
Bai Euskarari Ziurtagiria jaso du gaur Batz Sozietate Kooperatiboak. Gainera agiria Arratiako hainbat enpresen aurrean egindako ekitaldian jaso du Batzek. Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak, Rober Gutiérrezek, eman dio Ziurtagiria Batzen lehendakaria den Jose Luis Madariagari. Batz inguruko enpresentzat eredua izan da euskararen normalizazioan konpromiso sendoa hartu duelako.
"Lan mundua euskalduntzeko eredutzat hartu behar dugu Batz kooperatibak hartutako konpromisoa", aitortu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak. Izan ere, Arratia bailarako enpresei euskara lan munduan zabaltzeko erantzukizuna hartzeko gonbita luzatu die Rober Gutiérrezek. Bere aldetik, Batzeko ordezkariek inguruko enpresak animatu dituzte: "egin dugun bidea beste batzuentzat baliagarria izan daitekeela uste dugu, eta zentzu horretan inguruko beste enpresa batzuentzat lagungarri izan beharko luke, gure esperientzia eskaintzeko prest gaude, guk lortu badugu, beste batzuek lor dezakete".
Enpresa honen helburua ez da soilik Bai Euskarari Ziurtagiriaren bigarren maila izatea, "Guk zerbitzua euskaraz"; maila gorena lortzeko konpromisoa hartu baitu. "Enpresak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, beste zerbait eskatzen du 'Guk Zerbitzua eta Lana euskaraz' maila, gure hurrengo erronka da", azaldu dute enpresako ordezkariek.
Batz enpresa Igorren dago, trokelgintza eta automozio sistemak egiten ditu. Sozietateak 550 langile ditu eta 2.000 urtean hartu zuen euskara sustatzeko konpromisoa. Elhuyar aholkularitzarekin euskara plana garatzen hasi ziren. "Helburu nagusia euskara enpresaren jardunean integratzea da, langileen parte-hartze zuzenarekin". Zazpi urte hauetan egindako lanaren ondorioz, jada komunikazio orokorren % 90 ele bietan egiten dira eta ahozko erabilera %40koa da. Gainera, euskara sustatzeko kanpaina bereziak egin ditu Batz enpresak 'euskarak batzen gaitu' lelopekoa adibidez.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen bazkide
Bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak azaldu ditu Ziurtagiri honen ezaugarri nagusiak: "Bai Euskarari Ziurtagiriak euskararen normalizaziorako neurriak garatzen ari direla kreditatzen du, ahalegina aitortzeaz gain, konpromiso hori jende aurrean erakusteko bereizgarria da". Bai Euskarari Ziurtagiria jada Euskal Herri osoko 1.410 enpresak, saltokik eta era guztietako entitatek lortu dute
Era berean, arduradunak azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea sortze prozesuan dagoela. Elkartea sortu baino lehen Euskal Herriko eragileen inplikazioa lortu nahi dute arduradunek. "Eragileen ekarpenak jasotzen ari gara elkartearen parte hartzea ahalik eta irekiena izateko", aditzera eman du Rober Gutiérrezek.
Elkarte berri honetan eragileen parte hartzea funtsezkoa da, elkarlana du oinarri. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutenek ere elkartearen parte hartzaileak izango dira, beraz, Batz Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen bazkide izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario